Estatutuak

 

hasiera>estatutuak

LEHENENGO KAPITULUA

 

IZENA

 

1. artikulua.-          Irabazi-asmorik  gabeko “BERRIZ 1936 GOGORATZEN KULTUR ELKARTEA” izeneko elkartea osatu da, elkartzeko eskubidea arautzen duen ekainaren 22ko 7/2007 Lege Organikoan eta Eusko Legebiltzarrak onartutako otsailaren 12ko 3/1988 Elkarteen Legean ezarritakoen arabera eta Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9 eta 10.13 artikuluetan azaltzen denarekin bat etorriz.

 

Aipatutako elkarteak honako araubidea izango du: Elkarteen Legea, estatutu hauek berak (Legearen aurkakoak ez badira), bere Zuzendaritza Batzordeak behar bezala hartutako erabakiak (Legearen edota estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak xedatzen dituen arauak (azken hauek osagarri besterik ez dira izango).

 

ELKARTEAREN HELBURUAK

 

2. artikulua.-          Elkarte honen helburuak honako hauek dira:   

                              

 

Berriz 1936 gogoratzen kultur elkartea independentzia, aniztasuna eta demokrazian oinarritutako hatsarreetan sortu da. Elkartea eztabaida eta ikerkuntza gunea izateko asmoarekin sortu da, eta bere helburu nagusia Berrizek bizi izan duen errealitatearen berri gizarte guztiari ahalik eta zabalen ematea da. Horregatik, Berriz 1936 gogoratzen kultur elkartea independentea, erlijio eta politikarekin lotura bakoa, anitza eta demokratikoa izateko sortu da, bertan partaideek hitz egin eta bide berriak proposatu ditzaten.

 

Berriz 1936 gogoratzen kultur elkarteak Berrizko historia eta ondare kulturala   ezagutu, ikertu, babestu  eta jakinarazi nahi du, herri kultura suspertuz, erarik zabalenean ulertuta, herriaren protagonismo sozial eta kulturala lortzeko.

 

Mundu mailako globalizazioaren eragina dela eta, Berrizko jatorrizko tradizio, etnografia, toponimia, kultura eta hizkuntza guztiz galtzeko edo eraldatzeko arriskuan daudenez, Berriz 1936 gogoratzen kultur elkarteak arlo horiek ikertu, aztertu eta babestu nahiko lituzke, orain arteko gizartean zelakoak izan diren ezagutarazteko argitaratzeko eta galtzear badaude babesteko. Horrela, helburutzat dauzka:

 

-Berrizko eraikin historiko guztiak zerrendatzea, ikertzea, aztertzea, galtzeko arriskuan daudenak babestea  eta dokumentatzea;

 

-Berrizko pertsonaje historikoak aztertzea, ikertzea eta dokumentatzea;

 

-Berrizko irakaskuntza historian zehar aztertzea, ikertzea eta dokumentatzea;

 

-Berrizen gurasoengandik ahoz aho heldu zaigun euskara aztertzea, ikertzea eta dokumentatzea;

 

-Berrizko elementu etnografikoak zerrendatzea, aztertzea, ikertzea, babestea eta dokumentatzea;

 

-Berrizko historiako aldiak eta uneak ikertzea, aztertzea eta dokumentatzea, hala nola, Oroimen Historikoa deiturikoa, frankismoaren garaia, XX mendeko mugimendu soziala, XIX eta XX mendeetako langile mugimendua eta karlistadak.

 

Berriz 1936 gogoratzen kultur elkartearen zeregin nagusietako bat Oroimen Historikoa deitutakoaren inguruan ikertzea eta aztertzea da, hots, 1936 urteko altxamendu militarraren ondorioz sortutako gerrak eta frankismoak eragin zituzten errepresio eta kalte guztiak zerrendatzea, aztertzea, ikertzea eta dokumentatzea. Horretarako honako helburu zehatzak ere baditu:

 

- 36ko altxamendu militarraren eta estatu-kolpearen ondorioz Berrizen gertatu ziren errepresaliatu guztiak zerrendatzen ahalegintzea, euren Oroimenarekiko, Egiarekiko eta Zuzentasunarekiko eskubidea gorde dadin; ildo honetatik, ‘BERRIZKO IZEN GUZTIAK’ deituriko errepresaliatu-zerrenda egitea du asmotzat;

 

-herri-erakundeak aipatutako ekimenak lagundu ditzaten eta gauzatu ditzaten sustatzea;

 

-aipatutako helburuak burutzeko beharrezko ikerketa-lanak egitea; horretarako beharrezko diren koordinazio eta lankidetzak beste erakunde eta elkarteekin gauzatzea;

 

-eginiko ikerketak eta emaitzak argitaratzea, bereziki senideei euren beharretan laguntzeko eta herriari Oroimena, Egia eta Zuzentasuna ahaztu ez dezan;

 

-errepresaliatuei eta euren senideei erregimen frankistak zabaldutako sumario eta espediente guztiak ezeztatzeko eta ixteko ahalegin pribatu zein publikoetan laguntzea eta aholkatzea;

 

-estatu-kolpearen eta frankismoaren arduradunak eta garai hartako giza-eskubideen urratzaileak errugabetzeko egin diren edo egin daitezkeen lege guztiak deuseztatu arte ekitea;

 

- Berrizen dauden ikur eta toponimo frankisten ezabatzea edo aldatzea proposatzea, esaterako, kale-izenak, monumentuak, plakak edo udalbatzarrak inoiz emaniko ohorezko tituluak, Europako Kontseiluak 2006ko martxoan onartutakoaren arabera;

 

-frankismoaren garaian gertaturiko desjabetze politiko guztiak eta eginiko lapurreta politiko guztiak zerrendatzea eta berreskuratzen laguntzea, bereziki ‘desafectos al régimen’ deitutakoekin gertatutakoak;

 

-Berrizen erregimen frankistak erabilitako ‘oroimen-tokiak’ zerrendatzea, hala nola, kartzelak, atxilotzeko tokiak, hilobiak, borroka-tokiak eta errepresio-lekuak;

 

-aurreko ataleko ‘oroimen-tokiak’ Oroimenaren bilgunetzat eta askatasunaren eta duintasunaren ikurtzat izendatu daitezen proposatzea;

 

-frankismoak eta frankistek erabilitako hilobi komunak bilatzea, aurkitzea eta ikertzea; beharrezko ekimenak bertan egon daitezkeenen gorpuzkinak ikertu eta identifikatu daitezen bultzatzea;

 

-Oroimen Historikoa gordetzea eta transmititzea, eta gertatutako manipulazio historikoa deuseztatzen saiatzea; 

 

-Oroimen Historikoaren transmisioa eskolaren bidez egin dadin sustatzea;

 

-errepresioaren eta errepresaliatuen artxiboa sortzea edo sortzen laguntzea, dauden agiriak bilduz eta horretarako euren lekukotasuna eman nahi duten guztien testigantzak jasoz;

 

-Berrizko erakunde publikoak dituzten agiri guztiak egoki antolatzen eta gordetzen eragitea eta bultzatzea;

 

-Berrizko erakunde publikoak Espainian zehar dauden artxibategi eta dokumentategi guztietako berriztarren agiriak jasotzen ahalegindu daitezen bultzatzea;

 

-Euskal Herriko Oroimen Historikoaren Artxibategia egin dadin proposatzea eta eragitea; helburu bera duten elkarte zein erakundeekin biltzea eta elkar-lana bultzatzea;

 

-frankismoak errepresaliatutako guztien duintasuna eta ohorea aldarrikatzea; zentzu honetan beharrezkotzat joko diren ekitaldi eta ekimenak antolatzea, edo antolatzen laguntzea;

 

-antzeko helburuak dituzten beste elkarteekin eta erakundeekin lanean ekitea; asmo bereko elkarteak sortu daitezen eragitea eta bultzatzea;

 

-helburu berberak dituzten ekimenak zein ekitaldiak antolatzen laguntzea;

 

-‘revisionismo histórico’ deitutakoaren aurkako filosofia eta hatsarreak garatzea, 1936ko estatu-kolpearen eta osteko erregimen frankistarekin lotutakoa;  gizartea gertaera historikoen ezagutzaz interesatu dadin ahalegintzea; Oroimen Historikoaren errealitatea gizartean zabaltzea;

 

-frankismoaren hilketak ‘Crímenes de Lesa Humanidad’ bezala hartuak eta errugabegaitzat aldarrikatuak izan daitezen eskatzea eta sustatzea, Nazioarteko Amnistia erakundeak 2005eko uztailaren 18ko txostenean eta Europako Kontseiluak 2006ko martxoko aldarrikapenean gomendatutakoaren arabera;

 

Era berean, Berriz 1936 gogoratzen kultur elkartearen helburua da Berrizko historiaren, kulturaren, etnografiaren eta hizkuntzaren inguruan eginiko ikerketekin eta jasotako agiri, material eta ikerlan guztiekin Berrizko herri erakundeek artxibategi eta dokumentategi publiko eta modernoa egin eta kudeatu dezaten sustatzea eta eragitea

 

 

 

Helburu horiek lortzeko honako ekintza hauek eramango dira aurrera, ezarritako legezko baldintzak bete ondoren:

 

·          Aurreko helburuak lortzeko beharrezkoak izan daitezken ekintza guztiak antolatzea.

·          Historia azterketak eta ikerketak bultzatzea eta aurrera eroatea.

·          Erakunde publiko eta pribatuek eskaintzen dituzten lehiaketetan parte hartzea.

·          Jarduera desberdinak bideratzeko eta ezagutarazteko, behar diren lan talde eta batzorde eratzea. 

·          Herritarren partaidetza kultur ekintzetan bultzatzeko edozein ekimen eratzea edo bultzatzea.

·          Omenaldiak prestatzea eta burutzea, hala nola, oroigarriak eraikitzea, jendaurreko saioak egitea, hitzaldiak, mahai-inguruak, eztabaida-guneak, argazki-erakusketak, dokumentu-erakusketak, ikerketa historikoaren inguruko jardunaldi monografikoak, izkribuak argitaratzea, eta abar.

·          Berriz lanean ari diren beste elkarte eta erakundeekin batera lan egitea.

·          Euskal Herrian zein beste lekuetan antzeko helburuekin lan egiten duten beste elkarte eta erakundeekin batera lan egitea

 

 

                            Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak gorabehera, Elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:

 

·       Bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatzea.

·       Era guztietako ondasunak eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta hitzarmenak egitea.

·       Nolanahiko ekintzak burutzea, betiere legeekin eta bere estatutuekin bat etortzekotan.

 

 

 

 

SOZIETATE EGOITZA

 

3. artikulua.-          Elkarte honen helbide nagusia honakoa izango da: Sallobente kalea, Bidazpi etxea, 18     48240 BERRIZ  (Bizkaia)

 

                            Elkarteak, horretaz gain, beste egoitzarik eduki dezake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokor Bereziak horrela erabakiz gero. Elkartearen egoitza nagusia edo elkartearen beste egoitzaren bat tokiz aldatzeko erabakia Zuzendaritza Batzordeak hartuko du, eta horrek Elkarteen Erregistroari helbide berria jakinaraziko dio.

 

LURRALDE EREMUA

 

4. artikulua.-          Elkarte honen ekintzak, honako lurralde-eremu honetan gauzatuko dira nagusiki: Bizkaiko Berriz herrian eta Durangaldeko herrietan.

 

 

IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA

 

5. artikulua.-          Elkartea betirako eratzen da. Ohiz kanpoko Batzar Orokor Bereziaren erabaki bidez baino ezingo da desegin, VI. kapituluan esaten den bezala, edo legeetan jasotako arrazoiren batengatik.

                           

Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoak izan beharko dira, eta pluraltasuna erabat errespetatu beharko da. Erabat deusezak izango dira elkartzeko oinarrizko eskubidearen alderdietako edozein betetzen ez duten hitzarmenak, estatutu-xedapenak eta erabakiak.

 

 

 

BIGARREN KAPITULUA

 

 

 

 

ZUZENDARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

 

6. artikulua.-          Kide anitzeko honako organo hauek izango dira Elkartearen Zuzendaritza eta administrazioaren arduradunak:

 

·       Bazkideen Batzar Orokorra, organo goren gisa.

·       Zuzendaritza Batzordea, kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkorra.

 

BATZAR OROKORRA

 

7. artikulua.-          Bazkide guztiek osatzen duten Batzar Orokorraren bidez adieraziko dira bazkideen nahiak.

       

Batzar Orokorraren eskumenak:

                           

a) Elkartearen jarduerako plan orokorra onartzea.

b) Urteko kontuak eta hurrengo urteko aurrekontua aztertu eta onartzea.

                            c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.

d) Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzea.

                            e) Kuota arruntak nahiz aparteko kuotak ezartzea.

                            f) Estatutuak aldatzea.

                            g) Elkartea desegitea.

                            h) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietako batzuk uztea.

i) Ondasunak xedatu edo besterentzea.

j) Ordezkaritza organoetako kideen ordainsariak adostea, hala dagokionean.

                            k) Beste sozietate-organoren bati esleitu gabeko beste edozein eskumen.

 

8. artikulua.-          Batzar Orokorrak ohizko bilerak eta bilera bereziak egingo ditu.

 

9. artikulua.-          Ohizko bilera egiteko deia gutxienez urtean behin egin beharko da: laugarren hiruhilekoan izango da, 7. artikuluko a) b) eta c) letretan zehaztutako erabakiak hartze aldera.

 

10. artikulua.-        Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoan bilduko da bilkura berezian, bere kabuz edota bazkideen % 20 (e)k eskatuta (ehuneko horrek ezin du izan % 10 baino baxuagoa). Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dituzte. Dena den, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko bilera egin beharko da:

 

a)  Estatutuak aldatzea.

b)  Elkartea desegitea.

 

11. artikulua.-        Batzar Orokorretarako deialdiak idatziz egin behar dira, eta bilerak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere, eztabaidatuko diren gaien aipamen zehatzarekin. Deialdia egiten denetik lehenengo deialdiko batzarra egiteko jarritako egunera bitartean gutxienez hamabost egun izan beharko dira. Hala badagokio, bigarren deialdiaren data eta ordua adieraz daitezke; dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez ordubeteko tartea utzi behar da.

 

                            Batzar Orokorrak, nahiz ohikoak nahiz ohizkanpokoak, lehenengo deialdian balioz eratuta geratuko dira botoa emateko eskubidea duten elkartekideen herena bertaratzen bada; eta bigarren deialdian, botoa emateko eskubidea duten elkartekideen kopurua edozein dela ere.

 

12. artikulua.-        Batzar Orokorraren erabakiak bertaratuen nahiz ordezkatuen gehiengo sinplez hartuko dira, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean. Hala ere, bertaratuen edo ordezkatuen gehiengo kualifikatua (baiezko botoak baliozko botoen erdia baino gehiago badira) beharko dute elkartea desegiteari, estatutuen aldaketei, ondasunen antolamenduari edo besterentzeei eta ordezkaritza-organoko kideen ordainketei buruzko erabakiek.

 

13. artikulua.-        Bazkideek beste edozein bazkideren gain utzi dezakete beraien ordezkotza Batzar Orokorretan parte hartzeko. Ordezkotza hori, idatziz egin beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino 24 ordu lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herrian bizi ez diren bazkideek ordezkotza beste baten esku uzteko adierazten duen agiria postaz bidali dezakete.

ZUZENDARITZA BATZORDEA

 

14. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordea elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatzen dituen organoa da, Batzar Orokorraren xedapen eta arteztarauei jarraikiz. Elkartekideek baino ezingo dute osatu ordezkaritza-organoa.

                           

                            Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute:

Presidentea, Presidenteordea, Idazkaria, Diruzaina eta 2 bokal

Gutxienez urtean 3 aldiz bildu beharko dute, eta elkartearen ekintzak bideratzeko beharrezkoa den hainbat alditan.

 

15. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordeko kideren bat bilera horietara 3 aldiz jarraian, edo, aldizka, 6 aldiz ez bada joaten, dagokion kargua utzi egin beharko du, hutsegite horiek ez baditu arrazoitzen.

 

16. artikulua.-        Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak, eta 4 urterako izango dira Batzordeak berariaz ezeztatu ezean, eta behin eta berriro hautatu ahal izango dira.

 

                            Kargu horiek bi urtetik behin  berrituko dira.

 

17. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordekide izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

 

a)    Adinduna izatea, eskubide zibil guztien jabe izatea, eta indarrean den legedian ezarritako bateraezintasun-arrazoirik ez izatea.

b)    Estatutuetan esaten den eran izendatua izatea.

c)     Elkarteko bazkide izatea.

 

18. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordekide kargua, Batzar Orokorrak izendatu ostean, onartutakoan edo jabetzerakoan hartuko da .

 

                            Dena den, Batzar Orokorrak egun-sariak eta gastuak ordaintzea erabaki dezake.

 

19. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dituzte karguak:

 

a)  Agintealdia bukatzen denean.

b)  Dimititzen dutenean.

c)  Bazkide izateari uzten dionean, edo kargurako ezintasun-arrazoiak dituenean.

d)  Batzar Orokorrak kargugabetzea erabakiz gero, estatutu hauetako 16. artikuluan jarritakoaren arabera.

e)  Heriotza.

 

                            “a)” puntuan agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jarduneko egoeran jarraitu beharko dute lehenengo Batzar Orokorra egin arte. Batzar horrek aukeratuko ditu kargudun berriak.

 

                            b), c), d) eta e) puntuetan agertzen dena baldin bada arrazoia, Zuzendaritza Batzordeak berak hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onetsi ala ezestea. Ezesten bada, dagokion izendapena egingo da.

 

                            Batzorde honen osaeran gertatutako aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.

 

20. artikulua.-        Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen funtzioak:

 

a)  Elkartearen ohiko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.

b)  Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.

c)  Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari, onar ditzan, aurkeztea.

d)  Batzar Orokorraren bileretako aztergai-zerrenda egitea, eta Batzar Orokor berezi zein ohikoen deialdiak erabakitzea.

e)  Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta dagozkien neurriak hartzea.

f)   Estatutu hauetan jasotzen diren aginduak interpretatzea eta haietako hutsuneak betetzea, betiere elkarteen inguruan indarrean diren legeei jarraikiz.

g)  Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak gauzatzea, betiere ez badira bere eskumen esklusibokoak.

 

21. artikulua.-        Zuzendaritza Batzordeak, presidenteak eta, hala badagokio, presidenteordeak erabakitako bakoitzean egingo ditu bilerak, euren kabuz nahiz batzordekideren batek eskatuta. Bileraren buru presidentea izango da, edo, bertan ez balego, presidenteordea. Biak falta badira, berriz, batzordekide zaharrena.

 

                            Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak onartu beharko ditu. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du Batzarrean.

 

                            Idazkariak bilera-aktak egingo ditu. Agiri horiek dagokien liburuan jasoko dira idatziz.

 

 

PERTSONA BAKARREKO ORGANOAK
PRESIDENTEA

 

22. artikulua.-        Presidenteak elkartearen legezko ordezkaritza hartzen du. Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak aurrera eramango ditu. Era berean, aipaturiko bi sail horien presidente izango da.

 

23. artikulua.-        Presidenteari egokituko zaizkio hurrengo ahalmenak:

 

a)  Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak egiten dituzten bileren deiak egitea; bilerak bukatutzat ematea; bileretan sortzen diren eztabaidak zuzentzea; eta boto-berdinketa gertatuz gero, boto ebazleaz erabakitzea.

b)  Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea, eta aldi berean, elkartearen zereginak bultzatu eta zuzentzea.

c)  Balioz erabakitako ordainketak egiteko agintzea.

d)  Sortu daitezkeen premiazko arazoak konpontzea, eta Zuzendaritza Batzordeari lehenengo bilkuran horien berri ematea.

e)  Batzar Orokorrak berariazko erabaki bidez ematen dizkion eskumenak gauzatzea, betiere ez badira haren eskumen esklusibokoak.

 

PRESIDENTEORDEA

 

24. artikulua.-        Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio, eta, presidenteak aldi baterako ezintasuna daukanean, ordezkatu egingo du. Era berean, presidenteak berariaz emandako ahalmen guztiak izango ditu.

 

 

IDAZKARIA

 

25. artikulua.-        Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak hartu eta bideratzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.

 

                            Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko erabakiak bete daitezen arduratuko da, Erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta agirien edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordearen hautaketari eta elkartearen egoitza aldatzeari buruzko beharrezko jakinerazpenak dagokion agintaritzarengana bideratuz.

 

 

DIRUZAINA

 

26. artikulua.-        Egindako sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteroko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Guzti horiek Zuzendaritza Batzordearen aurrean aurkeztu behar dira, eta honek Batzar Orokorrari, onartu ditzan.

 

 

 

 

HIRUGARREN KAPITULUA

 

 

BAZKIDEAK: ONARPEN BIDEAK, BALDINTZAK ETA MAILAK

 

27. artikulua.-        Elkartekide izan nahi eta honako baldintza  hauek betetzen dituzten guztiek  izan daitezke Elkarteko bazkide: Elkartearen helburuarekin bat etortzea. Parte hartu nahi izatea. Adin nagusiko edo adin txikiko emantzipatua izatea edo adin txikiko emantzipatu gabea nagusiak emandako agiriaren baimenarekin.

                           

28. artikulua.-        Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko du bere eskabidea. Idatzi hori bi bazkidek izenpetuko dute eta presidenteari zuzenduko zaio. Presidenteak horren berri Zuzendaritza Batzordeari emango dio, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena elkartean onartu ala ez. Dena den, gorako errekurtsoa jarri ahal izango da Batzar Orokorraren aurrean.

 

29. artikulua.-        Batzar Orokorraren erabakiz, elkarteak Ohorezko Bazkide izendatu ahal izango ditu bazkide izateko baldintza guztiak bete arren elkartearen helburuak betetzeko bertaratu ezin diren pertsonak. Bazkide horiek ohorezkoak dira soilik, eta beraz, ez dira legezko bazkide, ez dute elkarteko zuzendaritza eta administrazioko gobernu-organoetan parte hartzeko eskubiderik, ez eta inongo betebeharrik ere.

 

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

 

30. artikulua.-        Elkartekide guztiek honako eskubide hauek dituzte:

 

1)    Elkarteei buruzko Legearen edo estatutuen kontrako erabaki eta jarduteak inpugnatzea, aurkatutako erabakiaren edukia ezagutu edo ezagutzeko aukera izan duen egunetik hasi eta 40 egun naturaleko epean.

2)   Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaerari, elkartearen kontu-egoerari eta haren jarduerei buruzko informazioa jasotzea.

3)    Elkarteko beste bazkideen nortasuna, diru-sarrera eta gastu-kontuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri uneoro jakitea.

4)    Batzar orokorretan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.

5)    Elkarteko estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautagai nahiz hautesle izatekoa.

6)    Indarrean diren legeetan zehaztutako bazkide-zerrendan agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.

7)    Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.

8)    Elkartearen talde-ekintzetan parte hartzea, eta bazkideen erabilerako gauzak erabiltzea (liburutegiak, elkartearen egoitza, eta abar). Zuzendaritza Batzordeak, kasuan kasu, erabakitako moduan.

9)    Zigortze-neurriak hartu baino lehen, bazkideak idatziz adierazitakoa kontutan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruz azalpenak jasotzea. Neurri horiek hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean oinarritu daitezke soilik.

10)   .

 

31. artikulua.-        Bazkideen betebeharrak honako hauek dira:

 

a)    Elkartearen helburuak gauzatzeko lankidetza aktiboa ematea.

b)    Batzar Orokorrak ezarritako bazkide-sariak, derramak eta bestelako ekarpenak ordaintzea, gastuak ordaintzeko.

c)     Estatutu hauek eta elkartearen zuzendaritza-organoek balioz hartutako erabakiak bete eta horiei men egitea.

   

 

ZIGOR-ARAUAK

 

32. artikulua.-        Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak behin eta berriz hausteagatik Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu.

 

                            15 egunetik hilabetea bitarte eskubideak kentzetik elkartetik betirako egozterainokoa izan daiteke zigorra, betiere 34. artikulutik eta 37.a bitartekoetan jasotakoaren arabera.

 

                            Ondorio horietarako, presidenteak zigorgarri izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egiteko erabakia hartu ahal izango du. Ikerketa horiek Idazkaritzak eramango ditu aurrera, eta Zuzendaritza Batzordeari neurri egokiak hartzeko proposatuko dio. Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, eta zigorra ezarri aurretik interesatuak adierazitakoa kontutan hartu beharko da.

 

                            Erabaki horren arrazoiak emango dira beti, eta haren aurkako errekurtsoa jarri ahal izango da Batzar Orokorraren aurrean, 30.1 artikuluan zehaztutako ekintzen kalterik gabe.

 

BAZKIDETZA GALTZEA

 

33. artikulua.-        Bazkidetza honako kasu hauetan galduko da:

 

1.   Heriotza (edo desegitea, pertsona juridikoen kasuan).

2.   Bazkidea nahita aldentzea

3.   Zuzendaritza Batzordeak erabakitako zigorra dela eta, honako kasu hauetan: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak balioz hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki haustea behin eta berriro.

 

34. artikulua.-        Bazkideren bat 33.3. artikuluan zehaztutako kasuetako edozeinetan bada, presidenteak agindu diezaioke idazkariari, gertaeren berri izatearren, aurretiazko eginbide batzuk egin ditzan. Eginbide horiek ikusita, presidenteak ekintza bertan behera uztea edo edota zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake

 

35. artikulua.-        33.3. artikuluan zehaztutako kasuetako edozeinengatik zigor-espedientea hasten bada, idazkariak, egintzak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio dagokionari, leporatzen zaizkion salaketen berri emateko. Salaketa horiei erantzuteko, bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu 15 eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordeko lehenengo bilkurara eramango da kasua, eta bertan hartuko da erabaki egokia. Horretarako Batzarkideetatik 2/3 ko quoruma behar izango da.

                           

                            Elkartetik kanporatzeko erabakia interesatuari jakinaraziko zaio eta, era berean, hurrengo Batzar Orokor Berezian errekurtsoa aurkez dezakeela azalduko zaio. Batzar horretarako deirik ez bada egiten hiru hilabeteren barruan, errekurtso hori nahikoa izango da batzarra egiteko. Bien bitartean, Zuzendaritza Batzordeak dagokionari bazkide-eskubideak kentzea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.

 

                            Kanporatzeko espedientea Batzar Orokorrari aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du,  Zuzendaritza Batzordeak interesatuak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.

 

36. artikulua.-        Kanporatze-erabakia –betiere arrazoiak emanda-, dagokionari jakinaraziko zaio eta horrek, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du; bere ustez, erabakia legearen edo estatutuen aurkakoa dela jotzen badu.

 

37. artikulua.-        Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan –berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako- bete gabe dituen betebeharrak betetzeko eskatuko zaio, hala badagokio.

 

  

 

 

LAUGARREN KAPITULUA

 

 

SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK

 

38. artikulua.-    Elkarte honek ez du sorrerako ondasunik

 

39. artikulua.-        Elkarteak, bere ekintzak aurrera eramateko, honako diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:

 

a)  Zuzendaritza Batzordeak ezarritako sarrera-kuotak.

b)  Zuzendaritza Batzordeak erabakitako aldizkako kuotak.

c)  Elkarteak dauzkan ondasun eta eskubideetatik ateratzen dituen ekoizpenak. Baita legez jaso ditzakeen diru-laguntzak, ondareak eta dohaintzak ere.

d)  Estatutuen helburuak kontutan harturik, Zuzendaritza Batzordeak erabakitako ekintza bidezkoek dakartzaten irabaziak, betiere estatutu hauetan jasotako helburuen esparruan.

 

Elkarte- eta ekonomia-ekitaldia urtekoa izango da, eta urte bakoitzeko abenduaren 31an itxiko da.

 

Elkarteak, jarduera ekonomikoak (zerbitzuak ematea barne) gauzatuta, lortzen dituen irabaziak haren helburuak betetzeko baino ez dira erabili beharko. Inola ere ezingo dira elkartekideen artean banatu, ez eta haien ezkontideekin edota haiekin antzeko afektibitate-erlazioan bizi diren pertsonekin ere, ez eta haien senideekin ere. Ezingo zaizkio, halaber, mozkina irabazteko asmoa duten pertsona juridiko edo fisikoei doan laga.

 

  

 

BOSGARREN KAPITULUA

 

 

 

ESTATUTUEN ALDAKETA

 

40. artikulua.-        Estatutuen aldaketa bazkideen Batzar Orokorrean erabaki behar da, bai bere ekimenez, bai bazkideen % 50k eskatuta; Batzar Orokorrak xede horrekin deitua izan behar du. Dena den, bi kasuetan Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzorde berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.

 

41. artikulua.-        Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, presidenteak hurrengo Zuzendaritza Batzordearen aztergai-zerrendan sartuko du. Batzorde horrek egitasmoa onartu, edo, berriz ere, lantaldeari itzuliko dio, atzera ere aztertzeko.

 

                            Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo Batzar Orokor Bereziaren aztergai-zerrendan sartzea erabakiko du, edo horretarako propio egingo du Batzar Orokorrerako deia.

 

42. artikulua.-        Batzarrerako deiarekin batera, estatutuen aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa-proposamenen hori Batzar Orokorrari emango zaio, betiere batzarra egin baino zortzi egun lehenago Idazkaritzan jaso badira.

 

                            Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke. Idatziz egin beharko dira, eta beste testu-aukera bat izan beharko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Orokorrak estatutuak aldatzeko Erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistroan sartzen denetik aurrera baino ez du eragina izango hirugarrenengan.

 

 

 

SEIGARREN KAPITULUA

 

 

 

ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA

 

43. artikulua.-        Elkartea desegingo da:

 

1.   Bazkideek nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako Batzar Orokorrean azaldu beharko da, eta bertan daudenen gehiengoaren botoak jaso beharko ditu.

2.   Kode Zibileko 39. kapituluan azaltzen diren arrazoiengatik.

3.   Epai judizial bidez.

 

44. artikulua.-        Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen Batzar Orokorrak Kitapen-Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritzako 4  batzordekidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da.

 

                            Bazkideekiko eta besterekiko elkartearen zorrak ordaindu ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, honako hauei emango zaie :  irabazi asmorik gabeko  kulturaren inguruan honelako ekintzetan mugitzen diren taldeei.

 

XEDAPEN IRAGANKORRA

 

Eratze-agirian behin-behinekoz izendatuak agertzen diren Zuzendaritza Batzordeko kideek egingo den lehenengo Batzar Orokorraren esanetara jarri beharko dute beren izendapena.

 

 

AZKEN XEDAPENA

 

                            Estatutu hauek garatzeko asmoz, Batzar Orokorrak barne-araudia onartu ahal izango du. Horrek inolaz ere ez ditu estatutuetako aginduak aldatuko.

 

 

 

ogor